Kafe-hondarren bertuteak

Kafe-hondarrak eta askoz ere gehiago!

Kafe-hondarrek oraindik ere txundituta uzten gaituzte, bertute asko baitituzte!

Gorde itzazu, erabilgarriak izango baitzaizkizu lorategirako, garbiketarako eta zainketarako.

marc-de-cafe-astuce-beaute

Esfoliatzaile arin gisa

 

Kafe-hondarrei esker, larruazaleko zikinkeria txikiak desagerrarazi ahal izango dituzu. Igurtzi emeki kafe-hondarrak eta ura gorputzaren kontra. Nahi izanez gero, nahasi kafe-hondarrak, arbendol gozoen olioa eta eztia; gero, jarri nahasketa aurpegian esfoliazio arina egiteko. Igurtzi emeki eta garbitu urez. Larruazala leunago eta garbiago izango duzu.

Ile iluna

 

Kafe-hondarrei esker, distiratsuago izango duzu ile marroia. Xanpuaz garbitu ondoren, jarri kafe-hondarrak ilean, eta utz itzazu bertan tarte bat. Garbitu ilea urez eta, amaitzeko, bota ile-moldatzailea. Utzi bertan minutu batzuk eta garbitu ilea urez. Ileak berezko iluntasuna berreskuratuko du, eta distiratsuago egongo da.

FR-marc-de-cafe-astuce-maison

Usain txarren xurgatzailea

 

Jarri kafe-hondarrak nahi duzun ontzi batean (katilua, marmelada-potoa, beira, etab.) eta sar itzazu hozkailuan, sukaldeko armairuan edo garbitegikoan. Usain txarrak xurgatuko dituzte.
Eskuak garbitzeko ere erabiltzen dira, baratxuri- edo tipula-usaina joaten ez denean. Igurtz ezazu xaboi bat balitz bezala, eta kito!

Pipak garbitzekoa eta desinfektatzailea

 

Astean behin edo bi astez behin, isuri kafe-iragazki batean bildutakoa harraskara eta ireki txorrota ur beroa tarte batez isurtzeko. Irtenbide natural horri esker, hodiak ez dira buxatuko, eta hodian ura geratzeak sortzen dituen usainak murriztuko dira. Bestela, isuri kafe-hondarrak bainuontzira edo dutxara, sobera geratutako xaboia eta xanpua bultzatzeko.

Kafe-hondarrak, garbitzeko eta koipegabetzeko

 

Kafe-hondarrak oso eraginkorrak dira sukaldeko koipeen aurka. Desinkrustatzaile gisa erabiltzen dira, eta, haiei esker, platerak, ontziak eta plantxa koipegabetzen dira. Igurtz itzazu belakiaz edo zapi heze batez; gero, garbi itzazu erabat ontziak garbitzeko detergente likido apur batez. Horri esker, detergentea aurreztuko duzu, eta hodiak ez dira hain buxatuta egongo.

marc-de-cafe-astuce-jardin

Ongarri naturala

 

Kafe-hondarrak ongarri natural bikaina dira. Utzi lehortzen eta nahas itzazu lurrarekin, landareen inguruan edo landaretxoak egiteko. Lurra aberastuko dute, eta landareak, loreak eta barazkiak hobeto haziko dira, fosforoan, potasioan eta nitrogenoan aberatsak direlako. Hala ere, erabili kafe-hondarrak neurriz, gehiegi erabiliz gero haien pH azidoak landareak gutxiago haztea eragin baitezake.

Konpost-aktibatzaile bat

 

Konpost-edukiontzi bat baduzu, nahi izanez gero bota bertara kafe-hondarrak. Lur-zizareei bereziki gustatzen zaizkie. Kafe-hondarren eraginez, bizkorrago egiten dute lan, eta bizkorrago digeritzen materia organikoa; hori dela eta, haien hondakin berdeak erabiltzeko prest dagoen konpost berdea bihurtzen dira.

Intsektuen kontrako uxagarri naturala

 

Kafe-hondarrei esker, barraskiloak eta herrestan doazen intsektu txikiak ez dira hurbiltzen. Besterik gabe, hautseztatu kafe-hondar lehor batzuk landareen hondoan; gogoratu berriro bota behar dela euria gogor egiten badu. Horrez gain, nahasi kafe-hondarrak eta ura, eta ihinztatu nahasketa izurritutako landareetan.

AMATXIREN ERREZETAK

Urte osoan zehar gozatzeko belarri landuak!

Udako zaporeak

 

Perretxikoak ezin hobeak dira parrillan egindako jakiei laguntzeko, udan osasuntsu eta erraz jan dezazun. Belarri landu arrosek kolore-apur bat emango diete platerei, eta aho zabalik utzi dituzte gonbidatuak.
Hartu perretxiko gazteak, bigunagoak baitira.

4 lagunentzat

 

  • 500 g belarri landu
  • 20 g gurin fresko
  • 1 tipulin, xehe-xehe eginda
  • Perrexila, xehe-xehe eginda
  • Gatza eta piperbeltza

 

Kendu oina perretxikoei eta moztu itzazu xerra loditan.

Urtu gurina eta frijitu belarri landuak su bizian. Nahasi belarri landuak emeki aldizka, gurina gorritu ez dadin.

Gehitu tipulina, xehe-xehe eginda.

3-4 minutu igarotakoan, gehitu perrexila, xehe-xehe eginda.

 

 

Perretxikoak parrillan egindako jakien osagarri bikaina izango dira! On egin!

Gourmet udazkena

 

Zuhaitzak hostoak galtzen hasi dira, eta hotza nagusitzen. Zer deritzozu belarri landuen platerkada bat prestatzeari bihotza arintzeko?

4 lagunentzat

 

  • 750 g belarri landu
  • 100 g urdai ketu
  • 2 tipulin, xehe-xehe eginda
  • 2 koilarakada krema lodi
  • 1 baratxuri-ale, xehe-xehe eginda
  • 1 koilarakada perrexil fresko (edo izoztua, xehe-xehe eginda)
  • 1 koilarakada oliba-olio
  • Gatza eta piperbeltza

 

Moztu belarri landuak zerrenda loditan eta gorritu itzazu oliba-oliotan su bizian.
Gehitu urdaia eta tipulinak, xehe-xehe eginda.
Nahasi dena emeki zurezko espatula batez, perretxikoak ez mozteko.
Gehitu baratxuri-ale xehatua, gatza eta piperbeltza.
Jaitsi sua, isuri krema, nahasi dena, eta utzi egiten minutu batzuk, saltsa loditu arte. Hautseztatu perrexilez.

 

On egin!

Neguan hotzik ez izateko

 

Iritsi da hotza, eta, berotzeko, plater gozoak datozkigu burura. Risotto txiki batek gure dastamen-papilak alaituko ditu, eta energia emango digu.

4 lagunentzat

 

  • 250 g arroz, risottorako
  • 500 g belarri landu
  • Ezpeletako piperraren hautsa
  • 1 tipula
  • 100 g gazta parmesano
  • 20 cl krema likido
  • 20 g gurin
  • 1 litro oilasko-salda

 

Xerratu belarri landu bildu berriak.
Zuritu eta xehatu tipula.
Lapiko handi batean, prestatu 1 litro oilasko-salda, eta bero ezazu.
Urtu gurina zartagin batean eta bota tipula. Tipulak gorritzean, gehitu arroza eta nahasi dena.
Arroza gorritzean, gehitu oilasko-salda pixkanaka, arrozak egin ahala xurga dezan.
Zartagin batean, salteatu perretxikoak oliba-olio gutxirekin eta utzi egiten gorritzen diren arte.
Arroza prest egotean, gehitu perretxikoak eta krema.
Nahasi eta utzi egiten su eztian minutu batzuk; nahasi dena emeki, homogeneoa izan dadin eta zartaginari itsats ez dakion.
Hautseztatu Ezpeletako piperraren hautsaz eta gazta parmesanoaren zatiz.

 

Zerbitzatu oraindik bero dagoela. On egin!

Udaberriaren gozotasuna

 

Udaberriko lehenengo egunetan, gustuko ditugu produktu fresko zaporetsuak. Belarri landuak nonahi daude, baserriko arrautzak gozo-gozoak daude, eta Ezpeletako piperrek Amatxiren tortilla bizituko dute.

4 lagunentzat

 

  • 12 arrautza
  • 500 g belarri landu
  • 1 tipulin
  • 1 koilarakada oliba-olio
  • Perrexila
  • Gatza eta piperbeltza
  • Ezpeletako piperraren hautsa

 

Moztu belarri landuak 2-3 zatitan, luzetara.
Zartagin batean, berotu olioa eta salteatu belarri landuak su bizian 5-6 minutuz.
Gorritzean, frijitu tipulina, xehe-xehe eginda.
Katilu batean, irabiatu arrautzak eta gehitu gatza, piperbeltza, perrexila xehe-xehe eginda eta Ezpeletako piperraren hauts-apur bat.
Isuri arrautza irabiatuak perretxikoen eta tipulinaren gainera. Utzi egiten, zure gustuko testura izan arte.

 

Prest dago tortilla, nahi izanez gero lorategiko entsalada fresko batekin lagunduta jateko.On egin!